ELGOIBAR – Iñaki Ansola 31 urteko elgoibartarrak jaio zenetik ezagutu du gazta egiteko prozesua bere familiako Mausitxa baserrian. Hori horrela izanda, aspaldi hartu zuen gaztagintza bere ogibide bilakatzeko erabakia. Eta ez da damutzen. Gustora aritzen da ardiekin eta gero eta ezagunagoa den Mausitxako gazta prestatzeko prozesu artesanalarekin lanean. Egunkari hau berarekin elkartu da, azken urteotan izen handia hartu duen gaztaren sekretuak eta bere bizimodua ezagutzeko.

Urtean zehar Araia, Elgoibar, Lepazpi eta Gernikako txapelketak irabazi ondoren, 2015eko Gazta Txapelduna aukeratzeko lehiaketa irabazi zenuten joan den larunbatean Elgoibarko Gabon Zaharretako azokan. Zer sentitu zenuen 2011n irabazitako txapela berreskuratzerakoan?

-Poz handia. Txapelketa horretan egotea ba zen sari bat; aurretik beste lehiaketaren bat irabazita genuen seinale zelako. Hala ere, txapelketa irabazterakoan kriston poza hartu genuen familiako denok. Oso polita izan zen errekonozimendu hori jasotzea gure herriko udaletxean eta Elgoibarko jendearen aurrean.

 

ip_elgoibar_mausitxa01.jpg__1097_1

 

Urteko Gazta Txapeldunaren lehiaketa irabazteak eragina izango du hurrengo urteko salmentetan, ezta?

-Zalantzarik gabe baina sari denek izaten dute eragina… eta guk azken urteotan hainbat sari irabazi ditugunez ba… jendeak gure gazta ezagutzen du jada. Edonola ere, argi dago sari hauek prestigio emateaz gain, produktua merkaturatzeko erraztasunak ematen dituztela.

Merkatua aipatzen duzula, nolakoa da gaztaren salmentaren egoera? Krisia igarri duzue?

-Egia esan, guk urtero saldu dugu egin dugun gazta guztia baina ezin ukatu 2010 eta 2014 urte artean gehiago kostatu zitzaigula dena saltzea. Urte horiek nahiko tristeak izan ziren ekoizleontzat baina amaitzear dagoen 2015a oso ona izan da, bai guretzat bai sektorearentzat, orokorrean. Krisiari buelta eman diogula dirudi.

Zenbat kilo gazta prestatzen dituzue urteko Mausitxa baserrian?

-12.000 kilo inguru. Baserrian 800 bat ardi ditugu eta hemen egiten dugun gazta guztia gure ardien esneakin eta etxean hazitako arkumeen gatzagiakin egiten dugu.

Noiztik egiten da gazta Mausitxa baserrian?

-Nirea gaztagileren zortzigarren belaunaldia da baina aitak dioenez baserrian betidanik egin da gazta, etxekoek kontsumitzeko eta saltzeko. Hori bai, nire aitak 1984 urtean jarri zuen martxan etxeko lehen gaztategi txikia eta ordutik hortaz bizi da familia.

Denborak aldaketak ekarri ditu gazta egiteko eran?

-Produktua egiteko eran ez da aldaketarik egon; guk etxean beti egin den bezala egiten jarraitzen dugu. Aldaketak, gazta egiteko erabiltzen den tresnerian eman da. Orain erabiltzen ditugun prentsak, ontziak, kamarak, termometroak… guzti hori garai berrietara moldatu dugu.

Zertan datza Idiazabalgo Jatorrizko gaztaren arrakasta?

-Lanbide honetan ez dago sekretorik eta horregatik uste dugu arrakasta gazta egiteko artalde bateko esnea erabiltzean dagoela. Idiazabalgo Jatorrizko gazta esne mezklarik gabe egiten da eta arrakasta hor egon daiteke.

Zer da zure lanbidetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

-Neri denetarik egitea tokatzen zait eta gehien gustatzen zaidana ardiekin egin behar den lana da; aire librean egotea gustatzen zait. Gutxien gustatzen zaidana, berriz, egin beharreko papeleo guztia da. Ezin duzu imajinau holako negozio batek zenbat paper betetzera behartzen duen.

Noraino ailegatzen da Mausitxa gazta?

-Gehien bat Gipuzkoan saltzen dugu eta Gipuzkoa barruan Deba garaian eta Urolan. Era berean, oso salmenta onak ditugu Bizkaian eta Katalunian. Horretaz aparte, baditugu bezero batzuk Irlandan eta Inglaterran baina horiek gure gazta hemen ezagutu duten dendariak dira.